XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idazleak errealitatea eta fantasia, biak elkarren ondoan, azaltzen ditu, haurrak ikusi eta entzundakoa alde batetik, eta ametsak bestetik. Baina bi mundu horiek loturik daude, bata bestearen jarraipena izateaz gain, bateko elementuak bestean ere agertuko dira. Konbinaketa horretan, uztartze horretan datza Atxagaren ipuinaren lorpena haur literatur lan bezala.

Hasieretako idazlan horien ondoren itzulpengintzatik etorri izan dira errealismo fantastikoko idazlan ugari euskal letretara; G. Rodariren aipaturiko Tarta hegalaria horretaz gain, Jolas egiteko ipuinak (1981), Telefonozko ipuinak (1983) edo Gelsomino gezurtien herrian (1987) liburuak dauzkagu.

Azken honetan, esate baterako, Gelsominoren tenore-ahots berezia dugu elementu fantastikotzat hasiera batean, eta gero gezurtien herrialdea bera.

R. Dahl idazle britaniarraren lanetan ere elementu fantastikoak aurki ditzakegu; Matilda (1993) liburuko protagonista den neskatxak, adibidez, honako dohaiak ditu:

Hiru urte bete zituenerako, Matildak berak bakarrik irakurtzen zekien, etxean zituen egunkarien eta aldizkarien bidez ikasita. Lau urterekin etenik egin gabe irakurtzen zuen eta liburuak edukitzeko gogoa berez erne zitzaion. (Dahl, 1993: 11.)

Matildari, bere inteligentzia apartak problemak ekarriko dizkio helduen jarrera itxiak direla medio, beraz, egoerari eta guraso, irakasle eta heldu petralei bere ahalmen bereziaz aurre egingo die. Umore ikuspegi batetik kontatuta, haurren eguneroko bizitza agertzen da Dahlen liburuetan. Helduen aurrean haurren aldeko apostua egin duen idazle honen lanetan gertutasuneko istorio miragarriak aurki ditzakegu.

Ekologia, familiaren egoera, askatasuna... bezalako gai errealistak, eguneroko errealitateari lotutako gaiak, fantasi ukitu baten bidez azaltzen zaizkigu askotan. M. Ende idazlearen Momo (1988) idazlanean denboraren kontrola, gaur egungo gizartearen nahi aseezina, ekologia bere zentzu zabalenean dugu nobelaren gai nagusiena.